Mugikortasun iraunkorragoa lortzeko helburuz proposatu diren ekintzak lantzeko bilerak egingo dira gaur eta datorren astelehenean.

2014/02/04
Card image cap
Erdigunea trafikoz arindu, aparkalekuen errotaziorako neurriak hartu edo zamaketa guneetarako arautegia zehaztea proposatzen da besteak beste.

  Hiri mugikortasun iraunkorrerako plana zehazten dihardu INTRA enpresak. Lana dena den, udal ordezkariekin eta herritarrekin elkarlanean adosten ari da. Hala, mugikortasunaren inguruan egindako diagnostikoa lehenik, eta herriak arlo horretan dituen mehatxu eta ahulguneak identifikatuta hobetu beharrekoak zehaztea ondoren, mugikortasun foroaren bileretan eztabaidatu dira. Foro honek pasa den astean egin zuen bileran jada, zehaztutako helburuak lortzearren gauzatu daitezkeen ekintza konkretuak aurkeztu ziren eta proposatutakoak hausnartzeko astebeteko tartea pasata, ekintzak lantzeko bilerak deitu dira gaurko eta datorren astelehenerako.

  Erdigune historikorako, oinezkoen zonaldea handiagotu eta hauen ibilbideetan espaloiak hobetzea, gunea trafikoz arintzeko pasoko autoak bertatik ateratzea, zamalanen guneak arautzea  eta aparkalekuen sarbideak hobe seinaleztatzea proposatu zen. Horretarako, Euskadi Etorbidea eta Santa Marina plaza aurrealdea norabide bakarreko bihurtu eta errepidea eta espaloiak maila berean jarrita oinezkoentzako gunea zabaltzea proposatzen da. Txaketuaneko bidegurutze inguruan ere zoladura bakarreko plataforma bihurtu eta sarbidea mugatzea proposatzen da. Ramon Irizar kaleko sarbidea ere mugatzea planteatzen da.

  Oinezkoen gunean zamalanak egiteko sarbide eta geratzearen inguruko arautegia erregulatu eta betearaztea; Bidebarrieta kalean antzeman den aparkaleku arazoari aurre egiteko, errotazio plazak zehaztuz erregulatzea proposatzen da. Kotxea elkarbanatzeko portala sortu edo daudenetako batera atxikitzea; ikasleak eskolara oinez edo bizikletan joan daitezen sustatzeko ohitura onen gidaliburua landu; bizikletaren erabilpena, bide heziketa edota aparkalekuak egoki erabiltzeko sentsibilizazio kanpainak egitea eta garraio publikoa sustatzeko herriarteko zerbitzuaren maiztasuna hobetu, San Prudentzio-Oñati linea Olabarrietaraino luzatu eta linea honetan autobus geltoki gehiago jarri eta geltokiak hobetu argiztatu eta txukuntzea proposatzen da.

  Baina proposamen guztiak ezin dira aldi berean gauzatu. Guztiak aurrera eramatea ere akaso ez da egoki ikusten. Beraz, zein ekintza, zein lehentasunez eta zein epetan edota nola gauzatu landuko da Mugikortasun foroak gaur eta datorren astelehenean egingo dituen bileretan. Batzarrak, arratsaldeko 6 eta erdietan hasiko dira udaletxeko areto nagusian eta gogoratu irekiak direla, beraz, interesa duen edonork parte hartu dezakeela.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!