MUGI txartela egiteko aukera, Birzikleta azoka eta Herribusa doan Mugikortasun Astean

2021/09/13
Card image cap
Irailaren 16tik 22ra osasuna eta mugikortasun iraunkorra aldarrikatuko dira

  Mugikortasun iraunkorraren aldeko aldarria egiten da Mugikortasun Astean eta modu iraunkorrean mugitzeak osasunari on egiten diola bereziki azpimarratu nahi da aurten. Europa mailako ekimenarekin bat eginez hainbat ekintza antolatu ditu udalak, irailaren 16tik 22ra.

  Herribusaren eta bidaiarien garraio zerbitzu publikoaren promozioa egingo da Mugikortasun Astean. Hala, irailaren 16tik 22ra Herribusa doan izango da. Oñatiko udalak babesten duen bus zerbitzua MUGI sisteman integratu zen uztailean eta MUGI zer den azaldu eta, bide batez, txartela egiteko informazio puntua jarriko da ostegunean udaletxeko arkupetan, 12:00tatik 18:00tara. Gainera, MUGI txartela erabiltzen duten herritarren artean 20 euroko 20 bonu banatuko dira: hamar, txartela gehien erabiltzen duten herritarrei emango zaizkie, eta beste hamarrak zozketaz banatuko dira erabiltzaileen artean. Ekimenean parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da MUGI txartelaren informazio puntuan edo honako helbide elektronikoan: nekazaritza@onati.eus.

  Iazko hutsaren ondoren Birzikleta azoka ere berreskuratu da Mugikortasun asterako. Gaur, asteazkenean eta ostegunean, herritarrek saldu nahi duten materiala batuko da plazan; haur eta helduen bizikletak, patineteak, alforjak eta bestelako osagarriak jasoko dira eta larunbatean ikusgai eta salgai jarriko dira. Gaur goizean hasi dira materiala batzen baina asteazkenean eta ostegunean izango da horretarako aukera berria, 10:00tatik 13:00ra eta 16:30tatik 19:30tara, udaletxeko arkupetan. Dirua eta material itzulketa irailaren 23an izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!