Morga enpresak egingo ditu Olakuako 3. areako irisgarritasun lanak

2023/05/23
Card image cap
Ekaina hasiera-erdialdean hasiko dira, Martzelino Zelaia kaleko lanak amaituta

  Hiru enpresa aurkeztu ziren Olakua auzoko 3. areako irisgarritasun hobetu eta saneamendu berritzeko lanen esleipen prozesura eta proposatutako aurrekontua erabakigarria izan da; Asfaltados y construcciones Morga S.L. enpresaren eskaintzak udalaren gehienezko aurrekontua 16.000 eurotan merkatu du eta lana 227.660 eurotan egitea onartu da. Lanak, udalak zehaztutako epean, 5 hilabetetan egingo dira.

  Olakua auzoko 1 eta 2 zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbanizazioa berrituko da datozen hilabeteetan. A2B Arquitectos enpresak idatzi duen proiektuan azaltzen denez, 1A-1B-1C eta 2A-2B atarien inguruan dauden oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko.

  Olakua auzoko 2-3 eta 3-4 zenbakidun etxe-blokeen inguruan aurrez egindako lanen eredua jarraituko da 3.area deritzonean. Espaloiak zabalduko dira, batez ere 2-A eta 2-B atarien aldean, eta etxeen aldameneko ibilbideak berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Bi zebra-pasagune egokitu dira, bat, bi etxe-blokeen artean eta bestea, autobus geltokira iristeko. Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak izango dira.

  Irisgarritasun lanok probestuko dira inguruko saneamendu eta ur hornidura sarea berritzeko. Ur azpiegitura lanok Gipuzkoako urak enpresak ordainduko ditu baina udalak bideratu duen esleipen prozeduraren baitan jaso dira.

  Ekaina hasiera-erdialdean hasiko dira Olakua 3.areako lanok egiten, Morga enpresako langileak Martzelino Zelaia kalean egiten ari diren lanak amaitu bezain pronto.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!