Moneta Soziala proiektua aurkezteko bilerek aurrera darraie eta lehen atxikimenduak jaso dira jada.

2014/07/24
Card image cap
Astelehenean dendariekin azken batzarra egingo da eta asteartean ostalariekin.

  Udal arduradunak gidatzen ari diren bilera hauetan, Oñatirako aukeratu den moneta sozial eredua azaldu eta parte hartzeko interesa dutenekin atxikimendu dokumentua sinatzen ari dira. Lehen atxikimenduak, izenpetu dira jada. Horrela, “txantxiak” hartuko dituzten zerbitzuen zerrenda osatzen hasi dira.

  “Txantxia” izango da Oñatiko moneta sozialaren izena. 50 zentimo, euro 1, 5, 10 eta 20 euroko billete-paperak inprimatuko dira eta nahi duten herritarren esku jarriko dira. Hasieran, urtebeteko proba epean, udal langileak izango dira soldataren zati bat Txantxitan jasoko dutenak. Baina herriko enpresei ere proiektuan inplikatzea eskatuko zaie. Enpresariei zuzendutako informazio bilerak irailean zehar egin asmo dira. Irailean baita ere, eta herritarrei begira, moneta sozialaren berri emateko informazio kanpaina berezia egingo da. Hala nahi duten herritarrek, Txantxiak erosteko aukera emanez. %5aren saria jasoko dute gainera, 100 Txantxi erosita 105 jasoko baitute.

  Txantxiak, zirkulazioan, urrian jarri asmo dira.

  Guzti hori azaldu da merkatariekin astean egin diren bileretan. Bide batez, zalantzak ere argitu dira. Dendariak jardun edo salgaiaren arabera taldekatu dira eta bileretara taldeka deitu dira. Datorren astelehenean, osasun zerbitzuak, pintura, ferreteria, opari denda, etxe dekorazioa, altzari dendetako ordezkariak deitu dira. Baina edozein arrazoi tarteko, zegokion bilerara joaterik izan ez duten merkatariak ere asteleheneko bilerara joatera gonbidatzen dira. Dendariekin egingo den azken bilera hori, astelehenean, arratsaldeko 3tan udaletxean egingo da.

  Eta asteartean berriz, ostalarien txanda izango da. Kasu honetan herriko tabernari eta jatetxe arduradunak batzar bakarrean bilduko dira: asteartean, esan bezala, goizeko 9etan eta hori ere, udaletxean.

  Bilera erronda hau iraila hasieran amaituko da. Gremioetako profesionalekin, irailaren 2an batzartuko baitira. Azken bilera horretara, igeltserotza, aroztegi, elektrizitate eta iturgintzako ordezkariak deituko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!