Oñatiko udala

Mondragon taldetik ateratzea aztertzen ari da ULMA

2022/10/28
Card image cap
Kooperatibaren negozio ezberdinetan bilera informatiboak hasiko dituzte datorren astean eta Mondragon taldeak gaur bertan egingo du bilera

  ULMA Mondragon taldetik ateratzea aztertzen ari dela kaleratu du EITBk goizean. Eta horren haritik hasi dira mugimenduak: Mondragon taldeak gaur arratsaldean bilera egingo duela iragarri du, taldeko partaidetza aztertzeko, besteak beste.

  Ulma taldea ez ezik, Orona kooperatiba ere Mondragon korporaziotik irteteko aukera aztertzen ari da. Biek desadostasunak dituzte Mondragon taldearekin, bereziki taldeak 2016ko uztailean egin zuen kongresutik. Baina areagotu egin dira azaroaren 15erako Mondragonek deitu duen kongresuaren harira. Izan ere, ULMA taldeko organoen kontrako balorazioa jaso duen ponentzia bat aurkeztuko ei du korporazioak, aldaketa garrantzitsuak proposatuz. Ulmaren nortasuna babeste aldera eta bi erakundeentzako irtenbide iraunkor eta positiboa bilatzen duen aukera adostu dute ULMA taldeko Zuzendaritza Kontseiluko eta Kontseilu Orokorreko negozio guztien ordezkariek, langileei helarazi zaien deialdian dioenez, eta aipatu aukeraren berri emango zaie datorren astean hasiko diren informazio bileretan. Oharrean zehazten ez den aukera hori Mondragon taldea uztea izan liteke.

  Baina Mondragon taldean jarraitu ala ez bozketa bidez erabaki beharko dute ULMAko bazkideek eta aurretik, esan bezala, informazio bilerak egingo dira ULMA taldeko 9 kooperatibetan, datorren astean bertan hasita. Bozketarako datarik ez da zehaztu baina urtea amaitu baino lehen izan litekeela aurreratu da hainbat hedabideetatik.

  ULMA taldea kopuru esanguratsuak dituen taldea da : 9 kooperatiba negozio biltzen ditu, 5.500 langile inguru ditu eta urtean 900 bat milioi euro fakturatzen ditu salmentetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!