Oñatiko udala

Mondragon taldeak urteko kongresua egingo du bihar, Ulma eta Oronaren balizko irteerak propio eztabaidatu gabe

2022/11/14
Card image cap
Laboral Kutxaren aportazioak egokitu beharraren puntua aztertuko da, Korporazioa uzteko aukera planteatzea eragin duena

  Bihar goizean egingo da Donostiako Kursaalean Mondragon taldearen urteko batzarra. Ohikoa izango litzateke, baldin eta Ulma eta Orona kooperatibetan taldea uzteko prozesua martxan ez balego. Baina gaia ez da espreski jaso biharko lan zerrendan, nahiz eta, pentsatzekoa den, horretaz berba egingo dela, modu ez ofizialean bada ere.

  Mondragon Korporazioaren biharko lan zerrendan urteko kudeaketa eta aurrekontuen ohiko gaiak jaso dira. Ez ohikoa dena, eta dirudienez Ulma taldearen balizko irteera planteatzea eraman duen gaia, Laboral Kutxaren aportazioak egokitu beharraren puntua da. Laboral Kutxak kooperatiben arteko elkartasuneko fondora egiten dituen aportazioak egokitu behar dira Europako Banku Zentralak eman duen zuzentaraua betetzeko. Tu lankide aldizkariaren arabera ponentziak ez du emendakin edo zuzenketarik jaso baina ULMAko bazkideei talde barrutik helarazi zitzaien informazioaren arabera, taldeko organoen kontrako balorazioa jaso zuen. Horregatik, eta Ulmaren nortasuna babeste aldera Ulma taldearentzat eta Mondragon korporazioarentzat irtenbide iraunkor eta positiboa bilatzen duen aukera planteatzen ari zaie ULMAko bazkideei, kooperatibaz kooperatiba egiten hasi diren asanbladatan.

  Mondragon taldean jarraitu ala ez bozketa bidez erabakiko dute ULMAko bazkideek eta hori abenduko bigarren hamabostaldian baina Gabonen aurretik erabaki daitekeela zabaldu da, data zehatzik eman gabe. Baina aipatu erabakia hartu baino lehen Ulma taldeko ordezkariek Mondragon Korporazioaren biharko batzarrean parte hartuko dute, konpromisarioak direlako oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!