Oñatiko udala

Mondragon korporaziotik irtetea erabaki dute Ulmako bazkideek

2022/12/16
Card image cap
Ulmako langileak Illunben (Arg: Andoni Canellada/FOKU)
% 80,4k ateratzearen alde bozkatu dute eta 9 negozioetan nagusitu da aukera hori

  Luze joan da 10:30etan hasi den Ulmako ezohiko batzar nagusia. 13:00ak pasa hasi dira telematikoki bozkatzen Ulma Taldeko 2.789 bazkideak eta emaitza 14:00ak aurretxoan jakinarazi da: Mondragon korporaziotik irtetearen aldeko botoak nagusitu dira 9 negoziotan eta guztira, bazkideen %80,4k babestu du aukera hori. Aldi berean, Ulmako Kontseilu Errektoreari jarraibideak ematea erabaki da etorkizunean Mondragonekin lankidetzak sustatzen saia dadin, kooperatiba-mugimendua garatzeko, eta beharrezko arau-garapena bultza dezan, orain arte Mondragon Fundazioak kudeatutako funtsei egindako ekarpenak kooperatiba-mugimendua garatzeko erabiltzen jarraitu ahal izateko.

  Batzarra amaitu berritan Lander Diaz de Gereñu Taldeko lehendakariak bazkideen erabakiaren balioa azpimarratu du, ohar bidez: bazkideek erabakitzen dute, beren botoaren bidez, zer bide jarraitzen duen kooperatibak, eta gaur agindu argia jaso dugu. Euskal eredu kooperatiboak erakusten duen arrakasta-ereduaren parte gara. Bere balioak beti defendatu eta babestuko ditugu. Gure ustez, hori egiteko modurik onena Ulma Industria talde kooperatibo indartsu bihurtzea da. Eta arrakasta-eredu horren onerako diren ekintza guztietan Mondragonekin lan egiteko prest daudela dio Diaz de Gereñuk.

  Baina elkarlan hori nola bideratu eta zertan gauzatuko den ikusteko dago. Mondragoneko ordezkariak aurrez adierazi dute ez dela gauza bera korporazioko kide izan edo ez. Zubi batzuei eusteko gai izango ote diren ikusteke dago.

  Ulma taldeak ez ezik, Orona kooperatibak ere batzarra egin du goizean eta bazkideen % 71,9ak Mondragon korporaziotik irtetea erabaki dute. Ondorioz, Mondragonek 10.000 langile galduko ditu, %13a eta salmenten %15a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!