Misio taldeak Guinea Conakry-n babesten duen proiektua aurrera doa

2021/02/05
Card image cap
Eraiki berri den lehen modulua
Eskolako lehen eraikina jasota, barrualdea hornitzen zentratuko dira aurten

  Ez da urte erraza izan, ezta Parrokiako Misio taldearentzat ere, 2020a, bereziki dirua batzeko. Pandemia egoeran diru iturri izan ohi diren afari solidarixoak eta antzerako ekintzak bertan behera utzi beharrean izan baitira. Baina udalak eta enpresek emandako dirulaguntzei esker 2019an abiatutako proiektua babesten jarraitu ahal izan dute. Eta bitartean, Guinea Conacryn, eskola txikia eraikitzeko lanek aurrera egin dute.

  Hiru gelako lehen modulua kasik amaituta dago, Misio taldetik jakinarazi dutenez. Antzeko beste modulu bat eraikiko da, baina aurten, lehen eraikinaren barneko hornitze lanak diruz laguntzen zentratuko dira oñatiarrak. 2020an batutako diru guztia gainera ez da bidali oraindik. Bide batez, diru ekarpen berriak lortzeko dokumentazioa prestatzen hasiak direla adierazi digu taldeko ordezkari batek. Erritmoa lasaitu beharrean egon diren arren orain bi urte hartutako konpromisoarekin jarraitzeko asmoa dutela berretsi digu.

  Orain urtebete, 2020ko otsailean, hain zuzen, gauzatu zuen Misio taldeak bere azken diru batze ekitaldi publikoa, inauterietako txokolatada eskainiz.    

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!