Milaka oinetako pare batu dira errefuxiatuentzat, aurreikuspenak gaindituta
Oñatiko Zaporeakeko bountarioak ez dira kopuru konkretua ematera ausartzen. Larunbateko oinetako bilketa oso-oso arrakastatsua izan dela adierazi digute, eta zituzten aurreikuspenak gaindituta milaka pare batu direla jakinarazi dute. Guztira Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan 100-120 mila pare oinetako inguru batu dela kalkulatu du Zaporeak GKEk eta 10-12 trailer beharko dira Greziara helarazteko. Kopuru handia, dudarik gabe baina zoritzarrez ez nahikoa dauden premia edo beharrei guztiz erantzun ahal izateko.
Larunbatean batutako oinetakoak Lesbos eta Atenasera ez ezik Siriara ere iritsiko dira. Asociación de Apoyo al pueblo Sirio izeneko GKEak egindako eskaerari erantzutea erabaki baitu Zaporeak taldeak. Debagoienean, Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan, Aramaion, Eskoriatzan eta Bergaran batutako oinetakoak aste honetan bertan bidaliko dira Zaporeakek Martutenen duen biltegira eta handik datorren astean hasiko dira Atenasera bidaltzen.
Oñatiko Zaporeak elkarteko boluntarioek eskerrak publikoki eman nahi dituzte; eskerrak lehenik Oñatiko herritarrei, beste behin erakutsi duen eskuzabaltasunagatik, eta esker bereziak baita ere Urgain-Errekalde eskolari, Txantxiku ikastolari, Sillero zapata dendari eta Ulma Packaging kooperatibari, bilketa honetan izan duten inplikazioagatik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!