Oñatiko udala

Mikel Goiaingeruaren parrokia bihar irekiko da, xilofagoen kontrako tratamendua egin eta gero

2022/11/18
Card image cap
Tenperatura eta hezetasuna neurtzeko zentralita jarriko da, kontrol bide moduan

  Aurreikusitako epean irekiko da Mikel Goiaingeruaren parrokia, xilofagoen kontrako tratamendua egin eta gero. Pasa den astean amaitu zituzten lanak eta bonbilak aldatu, garbiketu eta altzariak lekuan jartzeko aprobetxatu dira azken egun hauek. Dena gertu dago herriko eliza nagusia berriro ireki eta ohiko meza eta hiletak bertara aldatzeko. Bihartik aurrera, astelehenetik larunbatera, meza arratsaldero izango da parrokian, 19:00etan, eta igandetan, meza nagusia, 12:00tan. Era berean, Agustinoen elizak eta komunitateak ohiko martxa berreskuratuko du eta mezak 19:30etan eta 12:30etan izango dira aurrerantzean.

  Mikel Goiaingeruaren parrokian egurrezko elementu asko daude, zorua, altzariak, organoaren egitura edota erretaulak, eta guztietan xilofagoen kalteak antzeman dira. Hilabete honetan egin den lehen interbentzioa premia handiena zuten zoru, altzari eta unibertsitate aldeko atarian zentratu da. Hurrengoetan erretaula nagusian eta organoan esku-hartuko da. Horretarako datarik ez da zehaztu oraindik. Eta bitartean, xilofagoen ugalketa errazten duten tenperatura eta hezetasuna neurtzeko aparatuak jarriko dira, jarraipena egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!