Migel Arregi eta ARGI txakurrak Euskal Herriko artzain txakur txapelketan parte hartuko dute

2019/09/02
Card image cap
Oñatiarrak bigarren sailkatu ziren atzo Gipuzkoako txapelketan

  Jabier Zubiarre mutrikuarrak eta Mendi txakurrak lortu zuten Gipuzkoako txapela atzo arratsaldean Legazpin jokatu zen txapelketan. Migel Arregi eta Argi txakurra oso hurbiletik ibili ziren baina bigarren postuarekin konformatu behar izan ziren, txapeldunengandik lau puntutara.

  Bi aste barru, hilaren 14an, Euskal Herriko artzain txakur txapelketa jokatuko da Axpe-Atxondon eta Gipuzkoan sailkatu diren lehen biak joango dira. Beraz, artzain eta txakur oñatiarrak bertan izango dira, hurrengo astean, hilaren 22an Oñatin izango den Nazioarteko 60. artzain txakur txapelketan parte hartzeko txartelaren bila. Herrialde bakoitzeko lehen sailkatuarekin batera, Euskal Herriko txapelketako lehenengo biak sailkatzen dira Oñatirako.

  Migel Arregik bi txakur eraman zituen atzo Legazpira eta bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren Argi eta Lagun. Aurreko lau urteetan Gipuzkoako txapela eskuratu zuten Jose Mari Bengoa eta Eder txakurra ere Urtatzako zelaian izan ziren atzo baina ezin izan zioten txapelari eutsi. Jose Mari Bengoak bigarren txakur bat ere eraman zuen, Zeu gaztea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!