Meza nagusira mugatuko dira Arantzazuko Ama Birjinaren eguneko ospakizunak

2021/09/08
Card image cap
Oñati eta Arantzazu arteko autobusa orduro izango da

  Covid-ak eragindako egoera dela eta, aurten ere, meza nagusia soilik egitea erabaki dute Arantzazuko frantziskotarrek. Agintari zibilei ez zaie ohiko harrerarik eskainiko, nahiz eta zenbait ordezkari etortzea espero den. Ez da aurreskurik edo musika bandaren kontzerturik izango, ez eta Oñati eta Arantzazu arteko erromesaldirik ere. Arantzazuko Ama Birjinaren eguneko ospakizunak mugatzen diren bigarren urtea izango da.

  Meza nagusia 12:00tan hasiko da, 570 lagunentzako edukierarekin. Gonbidapenak eskuragarri daude Txokolateixan eta Arantzazuko dendan, eta elizkizuna hasi aurretik basilikaren kanpoaldean ere eskuratu ahalko dira. Elizara sartzeko ezinbestekoa izango da txartela aurkeztea. Jende pilaketak saihesteko asmoz, elizako ateak ordubete lehenago, 11:00etan irekiko dira. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da eta baita sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea ere.

  Oñati eta Arantzazu arteko domeka eta jaiegunetako autobusa bihar martxan izango da. Autobus handia jarriko da eta zerbitzua, ohikoa izango da, orduroko maiztasunez gora edo behera. Lehen zerbitzua goizeko 7:30etan abiatuko da Oñatitik eta azkena, arratsaldeko 19:00tan Arantzazutik.

  Biharko eguneko elizkizun nagusia 12:00tan izango da baina jaiegunetan izan ohi diren beste mezak ere ospatuko dira; eguneko lehen elizkizuna 10:00tan izango da eta azkena 13:15tan

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!