Oñatiko udala

Mexikoko Igualan desagertutako 43 gazteen gaineko hitzaldia antolatu du Lege Soziologia Institutuak biharko

2018/01/15
Card image cap
Hitzaldia irekia izango da, interesa duen ororentzat

  Mexikoko hainbat estatuko 43 gazte 2014ko irailaren 26 eta 27an zehar desagertu ziren, Igualako udaltzainek atxilotu ondoren. Desagertarazi zituzten 17 eta 25 urte arteko gazte hauen kasua Ayotzinapako 43 desagertuak izenez ezagutzen da mundu mailan. Kasuaren eta bere gizarte-testuinguruaren gaineko hitzaldia antolatu da bihar Antia Jauregian. Hizlaria, egun hauetan Oñatin den Kolonbiako Externado unibertsitateko irakasle Angela Buitrago izango da.

  Kasu honek gaizkile taldeen kontrol eta botere ekintzak bistaratzen ditu, Buitragoren hitzetan. Talde horiek, erakundeen hainbat sektoreren partaidetza eta babesaz jarduten dira inpunitate osoz, milaka pertsona desagerrarazi eta herritarrak beldurtzen. Ayotzinapan dortoka asko ei dago, eta dortokak etengabeko indarkeriaren ikur bihurtu direla azaldu du Buitragok; ezjakintasunaren eta zigorgabetasunaren ikur. Horregatik, eta konpromiso moral eta sozial gisa historia hau ezagutarazi egin behar dela dio irakasleak, seme-alaben desagerpena jasaten duten milaka familiei babesa eman eta gertatutakoa argitu dadin eskatzen jarraitzeko.

  Lege Soziologia Institutuak biharko antolatu duen hitzaldia irekia da, interesa duen ororentzat. Erakundearen egoitza den Antia jauregian emango da 18:30tan hasita. Joan asmo dutenei, aurrez, lege soziologia institutuan jakinaraztea eskatzen da, leku egokia prestatu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!