Oñatiko udala

Merkataritzan eta zerbitzu sektorean digitalizazioa sustatzeko bi egitasmo abiatu dira astean

2021/07/07
Card image cap
Partaideen digitalizatze ezarpen mailaren arabera bi talde berezitu dira

  Bitarteko digitalen presentzia areagotuz, Oñatiko komertzio eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea da programen helburua, baina partaideek halakoez duten ezagutza eta erabilera ohituren arabera batean edo bestean arituko dira. Guztira herriko 24 establezimendutako ordezkariek eman dute izena.

  Astelehenean jada 14ko lehen taldea hasi zen lanean. Oinarrizkotzat eman daitekeen ikastaro honen helburua da enpresak digitalizatze prozesuan murgiltzea, norbere negozioetan tresna digitalen erabilera aplikatuz. Tresna digital zehatzak erabiltzen ikasi eta bakoitzaren negozioetan ezartzeko pautak emango dira. Orain uztailean negozio bakoitzaren egoera eta behar konkretuak ezagutzeko inkestak beteko dira eta taldekako hiru formazio saio osatuko dira. Uztaila eta abuztuan zehar jasotako inkestak aztertu eta diagnostikoak egingo da eta irailetik azaro erdira bitartean banakako aholkularitza saioak egingo dira partaideekin. Dendartean elkarteak gidatu eta dinamizatuko du programa hau.

  Bigarren taldean berriz, beste 10 saltokik parte hartuko dute. Digitalizazio arloan aurreratuago dauden merkatariak dira eta tresna digitalen bidez bezeroak erakartzeko estrategiak landuko dituzte: zer eta nola komunikatu, balio erantsi handiagoko proposamenak nola landu eta transmititu, besteak beste. Orain uztailean diagnostiko fasea osatuko dute eta irailean taldekako formakuntzari ekingo diote; 3 gai lantzeko sei saio egingo dituzte guztira. Urria eta azaroa bitartean berriz, banakako aholkularitza saioak egingo dira. Bezeroak erakartzeko estrategiak lantzea helburu duen bigarren programa hau Merkataritza Federazioak emango du eta gaur arratsaldean hasi da.

  Udalak antolatutako bi formazio ikastaroen aurrekontua ia 22.500 euro da. Finantziazioa udalak bere gain hartu du eta ondorioz, merkatariek ez dute sosik ordainduko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!