Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzeari ekin dio Udalak

2019/12/11
Card image cap
Aste Santurako diagnostikoa amaitzea espero da eta emaitzak jakinaraziko dira

  Herriko merkataritza sektoreak bizi duen egoeraren diagnostikoarekin hasi da jada, Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzeko egitasmoa. Diagnostiko honek egungo merkataritza eta zerbitzu sistemaren egoeraren ikuspegi sakona eskainiko du eta abiapuntu eraginkor eta erabilgarria izango da hurrengo fasean ekintza plana diseinatzeko.

  Diagnostikoa egiteko erabiliko den metodoak herriko merkataritzan inplikatuta dauden eragileen parte-hartzea bermatu nahi du. Alde horretatik, funtsezkoak izango dira sektorearen garapenean eragiten duten eragile publiko eta pribatuak: Udala, merkatari zein zerbitzu establezimendu ezberdinetako profesionalak, Txanda elkartea, Debagoieneko Merkataritza Bulego Teknikoa eta bezero eta kontsumitzaileak. Helburua, udalerriko merkataritza jarduerarekin lotura duten eragileen arteko kolaborazio-egitura publiko-pribatuak sortzea da, hiri merkataritza sustatuko duten estrategiak garatzeko, beti ere, Oñatiko garapen eredura egokituta.

  Abiatu berri den egitasmo honen garrantzia azpimarratu du Xabier Igartua Sozioekonomia zinegotziak: Herriko kaleei bizitza emateaz gain, harreman pertsonalak garatzeko aukerak zabaltzen ditu herriko merkataritzak, eta merkatarien eta herritarren arteko aurrez aurreko harremana bermatzen du, konfiantzan oinarrituta. Finean, tokiko merkataritza beharrekoa da herri baten kohesiorako. EH Bilduren Herri Programa osatzerakoan herritarrek garrantzia handia eman zioten Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzeari eta hartutako konpromisoa betetzeari ekin diotela gaineratu du.

  Diagnostikoaren lehen fasea 2020ko udaberrirako amaitu nahi da eta egindakoaren berri orduan emango da. Merkataritza sektorean ikerketa, aholkularitza eta plangintza esperientzia handia duen Siadeco enpresa kontratatu du Udalak merkataritza biziberritzeko plana eguneratzeko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!