Oñatiko udala

Merkatari eta ostalariei zuzendutako diru laguntza berriak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/09/17
Card image cap
Covid-19aren aurrean egin behar izan dituzten inbertsio eta ekipamenduetarako diru laguntzak dira

  Berez Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutako diru laguntzak dira tokian tokiko administrazioen bitartez banatuko direnak. Covid-19ari aurre egiteko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan egin diren inbertsio eta ekipamenduetarako diru laguntza hauek Udalen bidez banatuko dira, udal bakoitzak zehaztutako baldintza eta irizpideen arabera. Oñatikoak ia 37.000 euro jaso zituen Diputaziotik eta horiek banatzeko oinarriak zehaztu ditu.

  Deseskalatzean denda eta ostalaritza lokalak ireki ahal izateko hainbat egokitze lan egin behar izan ziren: manparak jarri, arropak desinfektatzeko makinak erosi eta abar. Halako inbertsioei aurre egiteko diru laguntzak dira Udalak emango dituenak. Baina xehetasunak gaur aztertuko diren oinarrietan jaso dira. Bide batez, deialdia egitea ere proposatuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean, nahiz eta, gaiak, udalbatzaren onespena behar duen. Horregatik, gaurko bileran aztertu ondoren datorren astean egingo den Osoko Bilkuran aurkeztuko da.

  Covid-19ak eragindako egoera berezia kontuan hartuta, zenbait udal departamentutan egokitzapenak egitea ere planteatuko da gaurko batzarrean. Langile batzuk behin behinean lekuz aldatzea proposatuko da, departamentu batzuetan dagoen espazio okupazio dentsitatea jaitsi eta balizko kutsatze bat murrizteko. Langileak elkarrengandik banatzea beraz osasuna bermatzeko neurri gisa planteatuko da gaurko bileran.

  Oñatiko Udala entitate gisa Euskaraldian parte hartzeko, udalean ariguneak identifikatzea eta Euskaraldian izena ematea ere aztergai izango da aste honetako Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!