Oñatiko udala

Merkatal gunearen ingurua egokituz hasiko dira Olakuako irisgarritasun lanak

2017/05/26
Card image cap
Udala eta San Andres kooperatiba elkarlanean arituko dira

  Olakua auzoa aurreko mendeko 60. hamarkadan eraikitzen hasi zen eta orain arte ez da interbentzio berezirik egin ingurua irisgarritasun neurrietara egokitzeko. Irisgarritasun lanak egitea erabaki da baina auzoa zabala denez, faseka egingo dira.
Egokituko den lehen gunea Olakua 7-8-9 zenbakien ingurua da, auzoko merkatal edo zerbitzu gunea. Espaloiak eta eskailerak konponduko dira, heldulekuak jarriko dira, errepidearen asfaltoa berritu da hainbat lekutan eta zebra bideak ere egokituko dira. Aldi berean, San Andres kooperatibak merkatal gunearen sotoa iragazgaizteko lanak egingo ditu. Horregatik, udala eta San Andres kooperatiba eskutik joango dira irisgarritasun lanak egiterakoan.

  Tokiko gobernu batzarrean lanak esleitzeko prozedura abian jartzea erabaki zen atzo. Horretarako oinarria A2B arquitectos enpresak martxoan aurkeztu zuen proiektua izango da. Horren araberako aurrekontua, ia 200.000 euro da, BEZa kanpo. Adjudikaziorako irizpide nagusia, enpresen eskaintza ekonomikoa izango da.

  Lanak publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez esleituko dira. Irisgarritasun lanak egiteko lau hilabeteko epea finkatu da eta bai udalak aurreikusitako irisgarritasun lanak baita San Andres kooperatibak egin asmo dituenak, enpresa berberak egitea da asmoa, ahal den neurrian. Esleipenerako prozesua abiatzeko erabakia hartuta, lanak, uda partean hasi nahi dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!