Mauxka jatetxera lapurrak sartu ziren atzo

2023/04/17
Card image cap
Eskualdeko hainbat tabernetan lapurreta saioak salatu dira asteburuan

  Kale Zaharrean dagoen Mauxka jatetxera lapurrak sartu ziren atzo, Ertzaintzan salatu zenez. Dirudienez, lokalaren atzealdetik, erreka aldetik sartu zen, edo sartu ziren lapurrak, atzeko fatxadako hainbat elementu apurtuta. Ertzainak hatz markak topatzen saiatu ziren baina ez ei zuten aztarna esanguratsurik lortu. Jatetxea oporretan itxita zegoen eta ez da lapurtutakoaren berririk eman.

  Martxo azken asteburuan hainbat lapurreta saio salatu ziren herriko bulego eta etxebizitza ezberdinetan eta guztietan, sarraila apurtuz ahalegindu ziren lokaletara sartzen. Baina orduan ere aipatu genuen Euskadi etorbideko bulego batera sartzeko leiho bat puskatu zutela, sarraila apurtzen saiatu ondoren. Atzokoarekin bigarren aldia da lapurrak Mauxka jatetxera sartzen direla.

  Oñatin ez ezik, inguruko herrietako hainbat tabernetan ere lapurreta ahaleginak salatu direla jakinarazi du Ertzaintzak; Arrasate, Bergara edota Aretxabaletako taberna banatan lapurreta saioak izan dira asteburuan. Arrasaten gainera, lapurra taberna barruan zegoen lokala irekitzerakoan eta jabea kolpatuta ihes egitea lortu ei zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!