Martxoaren 8ko ospakizunak antolatzeko bilera irekia deitu du Oñatiko Sare Feministak datorren astearterako
Martxoak 8 ospatzeko prestaketa lanak egiten hasi dira sare feministako kideak. Baina zer egin adosteko batzar irekia deitu dute hilaren 16rako. Herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte; ideia eta proposamen berriak eta bide batez, antolakuntzan parte hartzera animatuko liratekeenak. Horregatik, deialdi zabala egin dute antolatuta nahiz bakarka dihardutenei, kirolari, artisau, baserritar, alargun edota jubilatuei zuzenduta.
Azken urteetan egin den bezala, aurten ere Sortzintxika lasterraldi lasaia antolatzeko asmoa dago, zine klubean GRANDMA filma programatu da martxoaren 10eko emanaldirako eta herriko emakume artisauen azoka egitea ere pentsatzen ari dira. Egitaraua zehazten ari dira baina erabat itxi aurretik, herritarren proposamenak jaso nahi dituzte.
Emakumeen Naziorteko Eguna ospakizun eta aldarrikapenerako eguna izango da aurten ere baina egitaraua osatzeko ideiak eta ekarpenak jaso nahi dira. Horretarako bilera irekia otsailaren 16an egingo da, 18:30etan, Andraitz Elkarteak San Juan kaleko 5ean duen bulegoan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!