Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan, adin guztietako herritarrei zuzendutako programa berezia antolatu da, martxoaren 4tik 21era.

2013/02/26

  Martxoaren 8aren inguruan osatu den egitaraua, hilaren 4an abiatuko da, egun horretan hasiko baita emakumeei zuzenduta antolatu den “menpekotasun emozionala edo autonomia?” izeneko tailerra.
Martxoaren 7rako, berriz, zine klub taldeak emakumearen eguna ospatzen hasteko filma programatu dut: “planes para mañana” izenekoa.

  Baina ospakizun nagusiak, martxoaren 8an bertan eta 9an izango dira.

  Emakumearen nazioarteko egunean, herriko ikasleek parte hartze berezia izango dute, eurei zuzendutako film emanaldia izango delako eta ikastetxeetan gertatutako erakusketa ere bai. Eguna borobilduz, emakumeak ariketa fisiko apur bat egitera gonbidatuko dira eta plaza inguruan, Lilatoia moduko lasterketa txikia egingo da, batzuk, antxintxika, eta beste batzuk, bizikletan, patiñetan edo nahi den bezala. Hori bai, partaide guztiei morez jantzita joateko eskatzen zaie.

  Martxoaren 9rako berriz, emakumeen bazkaria antolatu da. Aurrez, herriko emakume guztien argazki erraldoia aterako da plazan. Bazkaria berriz, Zubikoako frontoian egingo da. Bi menu izango dira aukeran: ohikoa eta begetarianoa. Eta helburua, adin guztietako emakumeak elkartzea denez, bakoitzaren egoera ekonomikoa ere kontutan hartu da bazkari txartelaren prezioa finkatzerakoan: lanean ari direnentzat, 12 eurotan salduko da eta langabetu, ikasle eta jubilatuentzat, 8 eurotan. Txartelak, dagoeneko salgai  daude, Artxubi, Arrano, Pake leku eta Aloña Mendi tabernetan.

  Bazkalostean, manifestazioa egingo da eta eguneko egitaraua borobiltzeko, antzerki emanaldia izango da Santa Ana aretoan, POTTOLOA lana ikusi ahal izango da.

  Mahai-inguru eta hitzaldiak ere antolatu dira: hizkuntza sexistaren inguruko mahai-ingurua, martxoaren 13an egingo da  eta 19an berriz, emakumea eta ekonomia gaitzat hartuta, hitzaldia.

  Txikienak ere kontutan hartu dira emakumearen nazioarteko egunaren inguruko ekitaldi-egitarauan, hala, martxoko “ostegun kontalariak” ipuin kontaketa saioan, generoa aintzakotzat hartuko da. Hau, martxoaren 21ean izango da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!