Martxoaren 7an jarriko da martxan Kalegoiena eta kiroldegiko aparkaleku publikoetako kontrol sistema berria
Lurrazpiko aparkalekuen sarreretan dauden hesiak eta kutxazainak datorren astean kenduko dira eta era berean, sistema berriak eskatzen dituen parkimetroak jarriko dira. Aldaketarekin, sistema zaharrak eman dituen arazo ugariak ekidin nahi dira. Sistema zaharrak mantentze gastu handia eragin dio Udalari, konexio arazoak tarteko hesiak sarritan ireki ezinda geratzen zirelako. Sistema berriarekin ez da hesirik izango.
Kalegoiena eta kiroldegiko aparkaleku publikoetan jarriko den kontrol sistema berria hainbat herri eta hiritan dagoen TAO edo OTA sistemaren parekoa da. Erabiltzaileak, autoa aparkatuta makinara joan beharko du matrikula sartu eta aurreikusita duen denboraren arabera ordainduz. Parkimetroak papera inprimatuko du eta hori, autoan, leku agerian jarri beharko da. Orain arteko sistemaren aldean beraz, sistema berriak ordainketa aurretik egitea eragingo du. Txartelen kontrola Udaltzaingoak beteko du.
Lurrazpiko aparkaleku publikoen kontrol sistema aldatu arren, tarifak bere horretan, aldaketarik gabe mantenduko dira. Lehenengo bi orduak doan izango dira aurrerantzean ere. Bigarren ordutik bosgarren ordura bitartean 2 xentimo ordaindu beharko dira minutuko eta bosgarren ordutik aurrera, 3 xentimo minutuko. 11 ordu eta erditik gora berriz, 24 orduko mugarekin, 15 euro ordaindu beharko da. Tarifa hauek leku agerian jarriko dira Kalegoiena eta kiroldegiko aparkalekuetan. Parkimetroetan ere, argibideak jarriko dira. Orain arteko abonu aukerak ere mantenduko dira eta hileko eguneko nahiz gaueko aparkaleku abonuak eskuratu ahal izango dira eskaera udaletxean eginda. Aurten landa eremuko herritarren abonua ere eskaintzen hasi da Udala. Hala, aparkaleku publikoa egunero, bost orduz jarraian erabiltzeko aukera ematen duen hileko abonua 15 eurotan eskuratzeko aukera dute landa eremuetako bizilagunek. Horiek ere, aparkalekura sartuta autoaren matrikula markatu beharko dute baina ordainketarik egin gabe papera automatikoki irtengo zaie.
Martxoaren 7tik aurrera indarrean sartuko den kontrolerako sistema berria egoki ez betetzeak bere ondorioak izango ditu. Hala, arau hausteek larritasunaren araberako isun ekonomikoa ekarriko dute. Arau hauste arin gisa hartuko dira adibidez, tiketa ez jartzea, matrikula gaizki jartzea edota ordaindutako ordu tartea gainditzea. Kasu hauetan 30 €ko isuna jasoko da. Makinak, isun hauek ordaintzeko aukera ere eskainiko du.
Datorren astea trantsizio astea izango da, aparkalekuetako sarreretako hesiak eta kutxazainak kenduko dira eta parkimetro berriak jarriko dira. Sistema berria martxoaren 7an sartuko da indarrean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!