Martxan da Emakumeen Etxea eraikitzeko parte-hartze prozesua

2022/10/21
Card image cap
Bi bisita antolatu dituzte emakume etxe ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko

  Asteazkenean Eltzian egin zen topaketarekin abiatu da Kale Zaharreko 13 zenbakian eraiki asmo den Emakumeen Etxearen edukia, funtzionamendua eta kudeaketa ereduaren inguruko hausnarketa eta zehazte prozesua. Izaro Elorza alkateak adierazi zuen prozesu zaindua izatea nahi dutela, eta emakume guztiek parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko dituztela.

  Parte-hartze prozesuak hainbat premisa izango ditu: ikuspegi komunitario, feminista eta ahalduntzailea nabarmendu ziren Udaletik baina baita inklusioa, intersekzionalitatea eta elkarbizitza ere. Baina ezer erabakitzen hasi aurretik, beste emakume etxe batzuetako esperientziak bertatik bertara ezagutzeko beharra ikusi da eta bi irteera antolatu dira: azaroaren 4an,Zumaia eta Azpeitira, eta azaroaren 18an, Hernani eta Donostiara. Lau herri horietako Emakume etxeak bisitatuko dira dituzten ereduak ezagutu, Oñatin aplikagarriak diren ezaugarriak identifikatu eta herrira egokitu ahal izateko.

  Azaroaren 4 eta 18rako antolatutako bi irteera horietarako izena aurrez eman behar da. Arratsaldeko irteerak izango dira eta autobusa 15:30tan abiatuko da Oñatitik. Interesa duenak whatsapp mezua bidali dezake zenbaki honetara: 688 621 213 edo mezua idatzi helbide elektroniko honetara: berdintasuna@onati.eus. Bisitetara joan nahi baina ordutegi arazoak dituzten pertsonei Berdintasun batzordearekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, bestelako egokitzapenen bat egiteko aukera egon-baitago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!