Maria Cruickshank oñatiarra Zinemaldiko protagonistetako bat izango da

2022/09/16
Card image cap
Fermin Muguruzaren “Black is beltza II: Ainhoa” filmeko pertsonaia nagusiari ahotsa jarri dio

  Animaziozko filma da Black is beltza II: Ainhoa izenekoa. Protagonista, izenburuak ondo adierazten duenez, Ainhoa da. Mirariz jaio zen ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren eta Kuban hazi ondoren, 21 urterekin, Euskal Herrira bidaiatuko du, aitaren lurraldea ezagutzera. 80. hamarkada amaieran eta gatazka betean, Josune kazetaria ezagutuko du eta biak, munduan barrena bidaiatuz, narkotrafiko sareen mundu ilunean barneratuko dira.

  Maria Cruickshank oñatiarrak Ainhoa protagonistari ahotsa jarri dio eta Itziar Ituñok, Josuneri. Biak Donostiako belodromoan izango dira datorren ostiralean filmaren estreinako emanaldian. Bikoizketa lanetan aritu diren Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Darko Peric antzezleak ere izango dira emanaldi berezi horretan, Fermin Muguruza zuzendariarekin eta arlo teknikoko beste hainbat ordezkarirekin batera.

  Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera utzi ondoren, belodromoko emanaldiak berreskuratu ditu Donostia Zinemaldiak 70. edizioan, ia 3.000 ikus-entzulerentzako edukiera eta 400 metro koadroko pantaila dituen zinema-areto erraldoian. Hiru emanaldi, hiru mundu-estreinaldi izango dira bertan: Sintiéndolo mucho / Feeling It Fernando Leon de Aranoak Joaquin Sabina kantautoreari buruz egindako dokumental bihar, Rainbow filmaren txanda izango da igandean, eta Black is beltza II: Ainhoa, datorren ostiralean, irailaren 23an. Donostiako estreinaldiaren ondoren zine aretoetara zabalduko da hurrengo astean, irailaren 30ean.

  Maria Cruickshankek Ainhoa protagonistari ahotsa jarri dio Black is beltza IIan, baina lehenengoan ere parte hartu zuela, orduko hartan, Amanda, Ainhoaren amari ahotsa jarriz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!