Mankomunitateak "Ura eta Erreka Deba Ibarrean" izeneko argazki lehiaketa antolatu du.

2013/09/03
Lanak aurkezteko epea hilaren 20an amaitzen da. Ekimena, urrian egingo den izen bereko ospakizun astearen baitan kokatzen da.

  Debagoieneko Mankomunitateak, "Ura eta Erreka Deba Ibarrean" astea ospatuko du urriaren 13tik 19ra. Ura eta errekaren inguruan antolatzen ari diren ekintza sortaren helburu nagusia, debagoiendarrak, errekak duen benetako balioaz jabetzea da.

  Horretarako, hainbat ekitaldi prestatzen ari dira, erakusketak, hitzaldiak, errekaren garbiketa eguna, araztegietara bisitak eta abar. Orain martxan den udako argazki lehiaketan aste horren baitan kokatzen da baita ere.

  Adin guztietako argazki zaleek parte hartu dezakete. Bakoitzak, gehienez digitalizatutako bi argazki aurkeztu ditzateke eta horretarako azken eguna irailaren 20a da. Parte hartzaileen adinaren arabera "Ura eta Erreka Deba Ibarrean" argazki lehiaketak hiru kategoria izango ditu: 14 urtera artekoak, 14-65 urte bitartekoak eta 65 urtetik gorakoak. Lanak aurkezterakoan, egilearen adina, berarekin harremanetan jartzeko bidea eta izenburua adierazi beharko dira.

  Lanak, honako helbide elektronoko honetara bidali behar dira: argazkilehiaketa@debagoiena.com
Jasotzen diren argazki guztietatik 30 aukeratuko dira herririk herri Debagoienean zehar ibiliko den erakusketarako. Irabazleak berriz, erakusketara doazen zaleek erabakiko dituzte, ikustera doanak botoa emanez gehien gustatu zaion irudia aukeratu ahal izango baitu. Kategoria bakoitzean irabazle bana izango da eta hauek, bertako produktuz osatutako otarra jasoko dute opari.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!