Mankomunitateak saltokietako ontzi arinak eta papera lokal atarietan batuko ditu bihar eta etzi.
Hondakin komertzialen egungo bilketa zerbitzua hobetzea da helburua. Horretarako, eta froga gisa, papera eta ontzi arinak biltzeko beste era bat aztertzen ari dira. Orain bi aste denda eta tabernetako kartoirekin egin zen bezala, bihar eta etzi, komertzioetako ontzi arin eta paperaren bilketa lokal atarietan egingo da. Materiala batu eta garraiatzeko, atzealdean biltegi-plataforma duen bizikleta elektrikoa erabiliko da. Bilketa goizez egingo da. Materiala kalean ordutan egon ez dadin, dendariei ordu jakin baterako ateratzea eskatu zaie.
Bilketa, Bidebarrieta aldetik hasiko da. Hala, Bidebarieta, Zubibarri, Ramon Irizar, Arantzazuko ama eta Atzeko kale inguruko dendariei goizeko 10etarako materiala ate ondora ateratzea eskatu zaie. Zonaldez zonalde eta ordu erdiko tartea gordeaz, herri-guneko nahiz Errekalde, Olakua eta San Lorentzoko lokaletako materiala batuko da. Bihar, ontzi arinen bilketa egingo da. Horretarako, ontziak, plastikozko poltsetan ateratzea eskatu da. Etzi berriz, papera jasoko da. Hau, kartoizko kaxetan atera beharko da.
Hori guztia adieraziz, gutunak bidali zaizkie herriko merkatari eta zerbitzu lokaletako arduradunei.
Era berean, eta halako froga egiten den lehen aldia dela kontutan hartuta, sortu daitezkeen gorabeheren aurrean pazientzia izatea eskatu dute mankomunitateko arduradunek.
Dendetan atez ate egingo den bilketa hau bizikleta elektrikoa erabiliz egingo da esan bezala. Horrek, trafikoan aparteko trabarik sortu gabe, ontziak edo papera jasotzeko aukera eskaintzen du. Sistema arina eta jasangarria da gainera, eta materiala kalean ordutan egon gabe agudo erretiratzea ahalbidetzen du.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!