Oñatiko udala

Mankomunitateak kartoi komertziala batzeko probatan duen triziklo elektrikoa Oñatin dago.

2013/05/02
Gaur, bihar eta datorren astelehenean, kartoia atez ate batuko zaie herriko dendari eta tabernariei.

  Eta horretarako, triziklo elektriko hori erabiliko da. Atzeko kalean ikusi dugu gaur goizean. Trizikloari, bilketa egin ahal izateko propio diseinatutako modulu berezi bat erantsi zaio. Langile batek, komertzioen kanpoaldean utzitako kartoiak jasoko ditu eta daukan bilgune horretan pilatuko du. Modulua beteta, plaza ondoko aparkalekua zenekoan jarri den edukiontzi handian hustuko du eta bilketa lanarekin jarraituko du.

  Gaur, bihar eta astelehenean gure kaleetan frogatuko den triziklo elektriko honek, ohiko batze kamioia baino txikiagoa da. Horrek, trafikoan aparteko trabarik sortu gabe, kartoia jasotzeko aukera eskaintzen du. Arina da gainera, eta kartoiak kalean ordutan egon gabe agudo erretiratzea ahalbidetzen du. Bilketa modu jasangarriagoa ere bada.

  Aurreko egunetan Bergaran eta Antzuolan probatu ondoren, bilketarako triziklo berezi hau Oñatin da dagoeneko. Bere funtzionalitatea ikusi ahal izateko, dendariei, kartoia goizez eta ordutegi konkretu batean denda atarira ateratzea eskatu zaie. Kontu egin behar da, Oñatin, era honetako bilketa gauez egin dela orain arte eta ondorioz, dendariek, zabor puntuetara iluntzean atera izan dutela kartoia. Etorkizunera begira, hori aldatuko ote den ala ez ikusteko dago oraindik. Eta erabakia hartzerakoan garrantzia handia izango du gaur gurean kartoia batzen ibili den triziklo elektriko honen bideragarritasunak. Mankomunitatea probatan dabil. Sistemak izan ditzaken arazoak eta onurak ebaluatuko dira eta horren arabera, indarrean jarri edo bertan behera utzi erabakiko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!