Oñatiko udala

Manifestazioa egingo dute Natrako langileek, bihar

2024/02/23
Card image cap
Txandako lau orduko lan-uzteak egiten, lehen astea osatuko dute gaur

  Pasa den astean iragarri bezala txanda bakoitzean lau orduko lan uzteak egiten hasi ziren Natrako langileak, astelehenean. Gaur osatuko dute lehen astea. Asteartean eta ostegunean gainera, auto-karabanak egin zituzten euren lan aldarrikapenak herrira zabalduz. Biharko berriz, manifestazioa deitu dute eguerdiko 12:00etarako. Aurreko asteetan manifestazioak egin dituzte, lan-uzte egunetan, baina biharko hitzordua propio deitu da herritarrek ere parte hartu dezaten. Hala azpimarratu zen otsailaren 15ean langileek egin zuten asanbladan. Manifestazioa plazatik abiatuko da bihar, 12:00etan.

  Lan hitzarmen duina eskatuz urtarrila amaieran abiatutako mobilizazioak areagotu egin dituzte Natrako langileek. Astean bitan, bi, lau eta egun osoko lan-uzteen ondoren, egunero, eta txandako, lau orduko lan-uzteak egitera pasa dira. Aste honetan eta datorrenean, astelehenetik ostiralera egingo dira, baina martxoan eguneroko bihurtuko dira, asanbladaren %97ak babestu zuenez.

  Etenda dauden negoziaketei berrekiteko lan malgutasuna edo flexibilitatea onartzea jarri du oinarrizko baldintza moduan zuzendaritzak baina langileak ez daude hori onartzeko prest. Sei dira Natrako langileen eskaera nagusiak, langile komitean gehiengoa duen ELAren arabera: soldata igoera duinak, errelebo kontratua bermatzea, laugarren txandaren lan baldintzak hobetzea, lan erreformaren aurkako bermeak, aldizkako lan kontratu finkoa dutenen egonkortzea eta kategorien eguneratzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!