Maider eta Urko Arregi anai-arreba bertsolariek sari bana irabazi dute asteburuan

2017/02/20
Card image cap
Maiderrek XVI. ABRA saria eskuratu du eta Urkok Gipuzkoako eskolarteko txapelketako finalerako txartela

  Ostiral ilunkaran izan ziren bi neurketok Arregi anai-arrebentzat. Maiderrek, Euskal Herriko bertsolari gazteei zuzendutako 16. ABRA sarian parte hartu zuen. Oñatiarrarekin batera, Unai Mendiburu algortarra, Txaber Altube abadiñoarra, Joanes Illarregi leitzarra, Ane Beloki legazpiarra eta Peru Abarrategi aramaioarra aritu ziren bertsotan. Getxon, bertso afari giroan jokatu zen ABRA saria. Eta hiru lagunek osatutako epai mahaiak Maider Arregiri eman zion txapela. Baina Legazpin ere izan zen saririk Arregitarrentzat, kasu honetan Urko anaiarentzat, Gipuzkoako eskolarteko finalean aritzeko txartela irabazi baitzuen, kanporaketako puntuaziorik altuena lortuta.

  Legazpiko Muruazpi elkartean jokatu zen Gipuzkoako eskolarteko txapelketako lehendabiziko kanporaketa. Bertsotan aritu ziren sei lagunetatik bi oñatiarrak ziren: Urko Arregi eta Bittor Zubiagirre. Urkok puntu gehien bereganatuta Azpeitian jokatuko den finalerako lehenengo txartela zuzenean eskuratu zuen. Bittor Zubiagirrek lan txukuna egin zuela azpimarratu dute Txinparta Bertso Eskolako kideek. Baina saioan aritu ziren gainontzeko bertsolari gazteen antzera, oraindik jokatzeke dauden  lau kanporaketa eta puntuazioen zain egon beharko du finalean lekurik izango ote duen jakiteko.

  Oñatiko bertso eskolako zazpi lagunek parte hartzen dute eskolarteko bat-bateko txapelketa honetan. Legazpin aritu ziren Urko Arregi eta Bittor Zubiagirrez gain, Aritz Irigoien eta Haritz Olaeta Lasarten arituko direla ostiralean, Aitor Tatiegi Oñatin, Larrain Gain elkartean, martxoaren 3an jokatuko den kanporaketan, Xabier Agirre Altzon martxoaren 10ean eta Gontzal Belategi Orion martxoren 17an.

  Gipuzkoako eskolarteko bat-bateko txapelketan 15 eta 18 urte bitarteko 33 bertsolarik parte hartuko dute eta saio bakoitzeko lehenengo sailkatuak eta  puntuaziorik altuena lortzen duten beste hiruek jokatuko dute finala. Hitzordua, Azpeitian izango da apirilaren 2an. Oraingoz, oñatiar baten partaidetza segurua da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!