Oñatiko udala

Maider Arregik orain arteko puntuaziorik altuena lortu du Gipuzkoa Bertsotan-en

2024/04/29
Card image cap
Aitor Tatiegi bosgarren da, Urko Egaña 16.a eta Jon Mata 19.a

  Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko bi jardunalditan hiru saio jokatu dira eta Txinparta Bertso Eskolako lau bertsolarik osatu dute lehen itzuli honetako lana. Gabiriako saioan hiru aritu ziren eta puntu gehien lortu zuten Maider Arregik eta Aitor Tatiegik, hurrenez hurren. Maider Arregik, gainera, orain arte jokatu diren hiru saioetako puntuaziorik altuena eskuratu zuen: 360,5 puntu. Aitor Tatiegi, 5. dago, hiru saioak batuta, 321,5 punturekin. Eta Gabirian aritu zen bertso eskolako hirugarren laguna, Urko Egaña, 16. da, orain arteko behin behineko sailkapenean, 298 punturekin. Ostegunean Eskoriatzan jokatu zen lehen saioan kantatu zuen Txinparta bertso eskolan aritzen den Jon Mata antzuolarrak eta lortutako puntuei esker 19. a dago, behin behineko sailkapenean, 269 punturekin.

  Urko Arregi da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean parte hartuko duen Oñatiko bertso eskolako bosgarren eta azken lehiakidea. Honek, maiatzaren 9an Getariako Kultur etxean kantatuko du.

  Gipuzkoa Bertsotaneko lehen itzulian, 13 bertso puntuatzen dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian, hiruna bertso eta Ganbarako ariketan, bi puntu erantzun eta bakarka bi bertso osatu. Lehen fase honetan izena eman duten 74 bertsolarietatik 48 pasatuko dira bigarren itzulira. Udazkenerako txartela, aldiz, 48 horietatik 34k lortuko dute.

  Gogoratu lehen itzuli honetako azken saioa Oñatin jokatuko dela maiatzaren 17an. Sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus atarian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!