Maiatzean 34 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin

2021/06/02
Card image cap
Herriko langabezia tasa pandemia aurreko neurrietara itzuli da eta % 6tik behera kokatu da, urte eta erdian lehen aldiz

  Pasa den hilean jada aipatu genuen pandemia aurreko mailara itzuli zela Oñatiko langabezia baina egoerak bere horretan jarraituko ote zuen ikusteko zegoela. Maiatzean ez da aldaketarik izan, are gehiago, enplegu-errekuperatzea sendotu egin da eta horren adibide da 34 langabe gutxiago zenbatu direla azken hilabetean.

  Une honetan 318 langabe daude herrian, 2019ko irailean edo urte bereko apirilean zeudenen pare. Eta urte hasieran zeuden 405etik edo iazko maiatza akaberan zeuden 438tik oso urrun. Gizon nahiz emakumeen artean egin du behera langabeziak gurean baina bereziki 25 urtetik gorako emakumeen artean.

  Oñatiko langabezia % 5,84 da orain eta aipagarria da 2019ko azarotik herriko tasa ez zela % 6ko langatik behera kokatzen.

  Hego Euskal Herrian 7.549 langabe gutxiago zenbatu dira maiatzean. Gizarte Segurantzak 8.200 kotizatzaile berreskuratu ditu, eta krisi aurreko kopuruetara hurbiltzen ari da. Pandemiari lotutako murrizketa gehienak arindu direla eta ekonomia bizkor suspertzen ari dela erakusten dute Gizarte Segurantzaren afiliazioek ere.

  Aldi baterako erregulazioan dauden langileen kopurua ere behera doa pixkanaka. Apirilean, 2.522 lagunek utzi zuten egoera hori, eta beste 3.479 izan dira maiatzean. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, ia 29.000 lagun daude aldi baterako erregulazioan. Horietatik, %61ek lanaldi osoa dute etenda, eta %39ek, berriz, partzialki.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!