Oñatiko udala

Maiatzean 3 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin

2023/06/02
Card image cap
Langabezia tasa %6tik gora joan da, aurreko bi hilabetetan langa horretatik behera mantendu zen arren

  Gorabehera txikia izan da herrian erregistratutako langabeen kopuruan, maiatzean. Hiru lagun gehiago zenbatu dira, baina tasan langa psikologiko bat gainditzea ekarri du horrek, %6ra joan delako langabezia tasa, martxoan eta apirilean hortik behera mantendu zen arren. Une honetan 327 langabe daude Oñatin, eta aipatu langabezia tasa, % 6,04 da, konkretuki. Baina joera da azpimarratzekoa, apirilean goranzko bidea hartu zuelako langabeziak gurean, nagusiki Aste Santuarekin amaitzen diren kontratuen eraginez, eta maiatzean ere, joerari eutsi zaiolako. Hori ez da hain ohikoa, maiatzean, langabezia murriztu egiten delako Oñatin.

  Herriko gizonezkoen artean egin du gora langabeziak azken hilabetean, eta adinari erreparatuta, 45 urtetik gorakoenen artean. Baina apirilarekiko aldeak 3-4 lagunekoak dira soilik. Orain urtebeteko datuen pare jarrita ere ez da alde nabarmenik, iazko maiatza amaieran aurten baino bi langabe gutxiago zeudelako. Kopuru orokorrak, beraz, ez dira esanguratsuak baina bai joerak; maiatzean langabeziak behera egin ohi du bai Oñatin eta baita Euskal Herria mailan, baina aurten, herrian behintzat, ez da halakorik gertatu. Inguruetan bai, Debagoienean, behera egin du langabeen kopuruak, apirilean baino 19 gutxiago zenbatu dira, Hego Euskal Herrian gutxitzeko joera errepikatu da, 1.558 langabe gutxiago erregistratu dira. Langabeziak behera egin du EAEn eta lehen aldiz, miloi bat pertsona baino gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!