Lurraldebusek bere zerbitzuak egokituko ditu Donostiako bus-geltoki berria dela eta
Larunbatean, hilaren 16an sartuko da zerbitzuan, Donostiako tren geltoki ondoan, Federico García Lorca pasealekuaren 1ean egokitu den autobus geltoki berria. Egun horretatik aurrera, Debagoiena eta Gipuzkoako hiriburua lotzen dituzten autobus lineak bertara iritsiko dira eta bertatik irtengo dira. Bi dira linea horiek: San Prudentzioan geratzen den Eskoriatza- Arrasate-Donostia linea, batetik eta Bergara-Zumarraga eta Tolosatik barrena Bilbo eta Donostia elkar lotzen dituen linea, bestetik. Linea hauei dagozkien autobusak Donostiako bus geltoki berrian amaituko dira edo bertatik irtengo dira larunbatetik aurrera. Aipagarria da zerbitzu hauek beste geldialdi bat ere izango dutela Donostian, Amarako Bizkaia pasealekuko 17an, hain zuzen ere. Geraleku horretan nahi duten bidaiariak jaitsi ahal izango dira betiere maletategian ekipajerik ez badaramate. Gelditzeko eskaera egin beharko dute autobusa Donostiara iristen ari denean, dagokion eskaera-botoia sakatuta. Donostiatik irteten diren zerbitzuetan, Donostiako autobus-geltokia izango da abiapuntua eta geltoki bakarra.
Debagoienako lineak bezala, Lurraldebuseko beste hainbat zerbitzuk ere Donostiako bus geltoki berria izango dute erreferentzia leku, bidaia loturak eta bidaiarien mugikortasuna erraztuz . Hala, aste egunetan 230 bus izango dira, 180 larunbatetan eta 160 igande eta jai egunetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!