Oñatiko udala

Lurraldebus zerbitzu berria domekan jarriko da martxan Debagoienean.

2015/02/23
Card image cap
Egun berean Debabarrena, Urola Erdia eta Urola Kostan ere autobus zerbitzu publiko emakida berriak lanean hasiko dira.

  Diputazioaren esanetan, garraio publikoaren eskaria baxua da gure eskualdean baina domekatik aurrera martxan jarriko diren zerbitzu berrien bidez bultzada berezia eman nahi izan zaio. Horretarako, eskualde barneko loturez gain, hiriburuekiko lotura hobetzeko ahalegina egin dela adierazi dute aldunditik.

  Domekan indarrean sartuko den zerbitzu publiko berrian, Debabarrena eta Urola-Kosta eskualdeekin konexioak bermatu dira. Arrasate eta Zumarragako ospitaleetara konexioak oso kontuan izan dira eta eskualdeko kanpusetara ere loturak hobetu dira. Oro har, ikasleen mugikortasunari garrantzia eman baitzaio.

  Autobus zerbitzu berrian, lotura zuzenak indartu dira eta konexio zuzenak bideragarri ez diren ibilbideetan garraio aldaketen bidez osatu da eskaintza.

  Debagoienako zerbitzuan eta Oñatiri dagokionean, bereziki aipagarria da San Prudentzion egokitzen ari diren geltokia. Oñatira etorri edo bertatik doazen bidaiarien babeserako estalkia aste honetan jartzekoak dira. Ondoren, autobusak bertara sartu daitezen eskaria egiteko makina jarriko da. Bidaiariak, geltokian bertan ikusgai jarriko den kodea markatuta, autobus gidariak mezua jasoko du eta San Prudentzion erabiltzaile bat dagoela jakingo du. Horrela, autobusa geltokira sartzea bermatuko da.

  Eskaerak, aipatu makinaren bitartez geltokian bertan egin ahal izango dira baina baita aurrez doako telefono zenbaki batera deituz edo lurraldebuseko web gunearen bitartez.

  Debagoiena Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Loiuko aireportuarekin lotzen dituzten zerbitzuak ere berritu dira. Aldaketa  nagusia, Donostia eta Bilbo arteko zerbitzu batzuk gehitu egin direla da. Udan bestalde, Loiuko aireporturako loturak asko hobetuko direla iragarri du Aldundiak.

  Domekatik aurrera Debagoienan bezala, Debabarrenan, Urola Erdian eta Urola-Kostan ere autobus zerbitzu publikoaren emakida berriak jarriko dira martxan.

  Aldundiak, autobus zerbitzu berrietan %36 gehiago inbertituko du. Lineek beteko dituzten kilometro kopurua handitu da eta 99 gidari gehiago arituko dira. Hau guztia, urte eta erdiz luzatu den parte-hartze prozesu zabalaren ondorio da. 5.000 ekarpen baino gehiago jaso ziren eta lautik hiru onartu direla adierazi da Diputaziotik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!