Luix Iluminación Inteligente enpresak egingo ditu herriko hainbat gunetan 150 argiontzi berri jarri eta argiteria sistema adimenduna hornitzeko lanak.

2014/11/14
Kanpo argiteria hobetzeko lan hauek urte amaierarako bukatuta egon beharko baitira.

  Epe-muga hori, hein handi batetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatu du. Honek, energetikoki eraginkorragoa den argiteria jartzeagatik, diru laguntza eman zion udalari baina beti ere, lanak, urte akabera baino lehen egiten badira. Diputazioaren diru laguntzak, kostuaren kasik erdia estaliko luke, ia 42.500 euroko diru laguntza agindu baitio udalari.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako lizitazio prozedurara eta eskaintza ekonomiko merkeena egin zuen Luix iluminación inteligente enpresari esleitu zaizkio lanak. Honek, Udalaren gehienezko lizitazio prezioa 2.500 eurotan merkatuz, lanak, 92.300 eurotan egitea proposatu zuen. Kopuru horri BEZa gehitu beharko zaio.

  Baldintzetan halakorik eskatzen ez bazen ere, Luix enpresak antzerako lanak egiten eskarmentua baduela esan behar da. Iaz, Osinurdin, Fanderia eta Berezaoko industrialdeetan 166 argiontzi aldatzeko lanak ere Luix Iluminación Inteligente enpresak egin baitzituen.

  Lanen esleipen erabakiak behin betiko izaera izan zezan, hainbat dokumentu eskatu zitzaizkion enpresari: behin betiko bermea ordaintzea  eta ogasuna eta gizarte segurantzarekiko obligazio guztiak egunean dituenaren egiaztagiriak. Dokumentazioa jaso da eta lanak planifikatzeko bilera ere egin da. Atzo bertan elkartu ziren enpresa eta udaleko hirigintza teknikariak epeak  finkatu eta lanak nola egin zehazteko. Luminaria berriak eta argiteria sistema adimenduna ezartzeko lanetarako udalak 8 asteko epea eman zuen baina urte amaierarako bukatu beharko direla kontutan hartuta, praktikan, sei aste eta erditan egin beharko dira.

  Energetikoki eraginkorragoak diren LED teknologiako150 argiontzi berriak, Zubillaga auzoan, Migelena industrialdean eta herri guneko beste hainbat kaletan jarriko dira. Konkretuki, Zubillagan,  Altuna Hermanos enpresa parean hasi eta Gelatzura bitartean, Migelena inguruan, Otadui zuhaiztian eta Bidebarrieta kalean ere jarriko dira luminaria berriak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!