Ludoteka, Txipistin eta udaleku irekien koordinazio zerbitzuen esleipena aztergai izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/05/07
Card image cap
Lan zerrendan lau gai jaso dira

  Haurrak eta Gazteria Batzordeak Oñatiko Haurren Balio Anitzeko hainbat zerbitzuren esleipena abian jartzea proposatuko du gaurko batzarrean, hau da, udal ludoteka, Txipistin eta udaleku irekien koordinazio zerbitzuen esleipen berria. Berez otsailean bukatzen zen zerbitzu hori eskaintzen duen Txatxilipurdi elkartearekin 2017an sinatutako kontratua. Baina kontratu berria ikasturtearekin batera abiatzeko egokitasuna ikusi zen batzordean eta ondorioz, abuztuaren 31ra arte luzatu zen Txatxilipurdi elkartearekin udalak zuen kontratua.

  Bitartean, udal ludoteka, Txipistin eta udaleku irekien koordinazioaren zerbitzu-oinarriak egungo egoerara egokitu dira, bereziki haur eta nerabe etorkinei zuzendutako bertakotze programa eta uztaileko udaleku irekiak etengabe handitzen aritu baitira azken urteotan. Horrek, baliabide pertsonal eta material gehiago eskatzen ditu, baliabide ekonomiko gehiago ere bai, guztia kontutan hartu beharko da zerbitzu esleipenerako deialdi berrian. Zehaztapenak, arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean emango dira.

  Hirigintza Batzordeak berriz, hiru gai aurkeztuko ditu arratsaldeko bileran, beti ere, lan zerrendaren arabera. Ultzegin kalea 1-3 zenbakien berreraikitzea, Martzelino Zelaia 2 zenbakian aldi baterako jarduera eta Osinurdin hirigintza guneko Xehetasun Azterketa.

  15:00tan eta bideo konferentziaz egingo da gaurko Tokiko Gobernu Batzarra, ia ohikoa bihurtu denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!