Lorke Systems enpresari esleitu dio udalak berez garbitzen den komuna hornitu eta Olabarrietan instalatzeko lana

2020/03/11
Card image cap
Kontratua ostiralean sinatuko da

  Gaia azken Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu zen eta Kontratazio mahaiak egindako proposamena onartuz, prozesuan puntuaziorik handiena lortu duen Lorke Systems enpresari lana esleitzea erabaki zen. Egindako eskaintza ekonomikoa eta proposatutako hornidura epe laburra erabakigarriak izan dira, Lorke Systems-ek kontratua sinatu eta astebetean komuna hornitzeko konpromisoa hartu baitu. Prezioari dagokionean berriz, udalak zehaztutako gehienezko prezioa ia 7.000 eurotan merkatu du Lorke Systems-en eskaintzak.

  Kontratua ostiralean bertan sinatuko da eta hortik aurrera astebeteko epea izango du enpresak komuna Oñatira ekarri eta instalatzeko. Epe berbera dauka udalak komuna non kokatu zehazteko. Hasiera batean, Aiastui aldean, oinezkoentzako errepide azpiko pasabidearen aldamenean jartzeko erabakia hartu zen eta udal brigadako langileek ingurua prestatu ere prestatu zuten. Auzotar batek ordea, komunaren instalazioa ondoko pabiloiaren paretatik aldentzea eskatu zuen. Eskaera aztertu eta irisgarritasun eta segurtasun aldetik kokapen egokia zehazteko epea ireki zuen udalak ondorioz. Behin betiko erabakia ez da hartu oraindik. Lekua dena delakoa, Olabarrietan, oinezkoen pasabidearen inguruetan, Torreauzo eta Madalena arteko bidegorriaren alboan kokatu zen komunaren antzekoa egongo da, laster.

  2018an egin zen Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan herritarren babesik zabalena jaso zuen proposamena izan zen paseo lekuetan erabilera publikoko komun irisgarria jartzearena, botoen % 97arekin. Berez, Olabarrieta eta Asentzio arteko bidean komuna jartzeak jaso zuen boto gehien baina Olabarrietako errepidea konpontzeko lanek atzeratu dute komun hori instalatzeko prozedura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!