Lorategi eta berdeguneetako mantentze lanen zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abian du Udalak

2022/05/09
Card image cap
Herriko berdegune, parke eta lorategiak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko zerbitzu emateko proposamenak maiatzaren 19ra arte aurkeztu daitezke

  Lorezaintza zerbitzua esleitzeko deialdian zaindu beharko diren eremuak zerrendatzen dira: Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak, Usako, Olakuako urmaela, auzokonpost-guneak eta udal hilerriko lorezaintza-lanak hala behar denean, errefortzu moduan.

  Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbateko maiztasunez egin beharko diren zehaztu da baldintzetan. Era berean, enpresak jarri beharko lituzkeen gutxieneko giza baliabideak ere zehaztu dira eta gutxienez, lauzpabost laguneko lantaldea beharko litzatekeela aipatzen da, lau langile urte osoko kontratuarekin eta beste bat sei hilabetez, lan karga handiagoa den eperako. Horrezaz gain, Udalaren aurrean enpresa ordezkatuko duen teknikaria ere izendatu beharko da. Egun zerbitzua ematen ari den lan taldearen subrogazio beharra ere jaso da baldintzetan.

  Herriko lorategi eta berdeguneetako mantentze zerbitzua urtebeterako kontratatu nahi du Udalak, lau urtera arte luzatu daitekeelarik. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua berriz, lehenengo urtean, 309.702 eurotan finkatu da, BEZa barne
Enpresek maiatzaren 19ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.

  Lizitazio irizpideetan eskaintza ekonomikoak pisu nagusia izango du, 100 puntutik 53 lortzeko aukera emango baitu. Lan taldea, zerbitzuaren antolakuntza egitura, baliabide materialak eta borondatezko azterlan proposamenak bere baitan jasoko dituen memoria teknikoak 40 puntu emango ditu eta kimaketa lanak egiteko jasogailua eskuragarri izatea beste 2 puntu.

  2015eko urri amaieran Enviser eta Sercom enpresen UTEaz osatu zen Oñatiko lorategiak ABEErekin sinatu zuen Udalak Oñatiko lorategi eta berdeguneen mantentze zerbitzuaren kontratua, azken bi urteetan luzatuz joan dena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!