Logotipo lehiaketa antolatu du Eltziako musika taldeen elkarteak

2022/09/15
Card image cap
Lanak irailaren 27ra arte aurkeztu behar dira, eta irabazlea herritarren bozkaz aukeratuko da

  ZAI ZOI BELE izena du Eltzian bat egiten duten musika taldeen elkarteak. Izena badute baina irudi bateraturik ez eta horixe aukeratzeko logotipo lehiaketa antolatu dute.

  Irudietan elkartearen izena, ZAI ZOI BELE agertu beharko da. Lanak, PDF edo JPG formatuetan aurkeztu beharko dira, egilearen sinadurarik gabe. Lanak presentatzeko bi bide izango dira: fisikoki, USBan, Irizar estankoan edo loteria dendan utzita, eta posta elektronikoz honako helbidera bidalita: zoizaibele.logo@gmail.com. Kasu honetan egilearen nortasuna agerian uzten ez duen helbide batetik bidali beharko dira lanak. Eta logoarekin batera, aparteko dokumentu batean, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako bidea bidali beharko dira. USBan aurkezten diren lanekin batera ere datu horiek aparteko sobre itxi batean entregatu beharko dira. Lanak aurkezteko epea hilaren 27an, 20:00tan amaituko da. Eta hortik aurrera, bozketa fasea hasiko da.

  Logotipo irabazlea herritarren bozkaz erabakiko da irailaren 28tik urriaren 2ra. Aurkeztu diren logotipo guztiak Kirrinenian ikusgai jarriko dira eta lehiaketaren berri ematen duten karteletan txertatu den QR kodearen bitartez eman ahal izango da botoa. Sari banaketa ekitaldia urriaren 2an egingo da Atzeko kaleko eszenatokian 19:00tan hasiko diren kontzertuen baitan. Hiru sari banatuko dira: 150, 100 eta 50 euro, boto gehien lortzen duten lehen hiru irudien egileentzat. Logotipo irabazlea antolatzaileen esku geratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!