Oñatiko udala

Liztor beltzaren plagak saihesteko kanpaina hasi du Debagoieneko Mankomunitateak.

2013/05/03
Card image cap
Informazio eskuorriak argitaratu eta hitzaldiak antolatu ditu. Oñatin, hilaren 13an izango da Santa Ana aretoan.

  Martxoa eta maiatza bitartean hasten dira liztor beltzak edo asiar liztor moduan ere ezagutzen direnak lehen habiak egiten. Zabaldu eta plaga bihurtu ez daitezen, Mankomunitateak informazio kanpaina jarri du abian. Eskuorriak gertatu ditu eta informazio zuzenagoa emateko hitzaldiak ere antolatu ditu. Hitzaldiak, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Oñatin emango dira. Oñatikoa, maiatzaren 13an, arratsaldeko 7etan Santa Ana aretoan eskainiko da.

  Gurean, lehen liztor beltzak, orain bizpahiru urte dela harrapatu ziren herriko erlezainek jarritako tranpatan. Iazko kanpainan, suhiltzaile eta basozainek hainbat habi ere deuseztatu zituzten. Baina garrantzitsua da zaintza lanarekin jarraitzea, bertako erleentzat oso kaltegarria den liztor beltza zabaldu ez dadin.

  Eta garrantzitsua da habi berriak egiten dituen garai honetan ahalik eta aktiboen jokatzea. Izan ere, liztor beltzen erreginek, udaberriko hilabeteetan, martxoa eta maiatza bitartean egiten baitituzte beren habiak. Hasierako habi bakoitzeko 200 erregina inguru sortzen dira beraz, hasierako habi hauek suntsituta, lana biderkatuko luketen 200 erregina suntsitzen dira.

  Mankomunitateak landu duen esku-orrietan, habien ezaugarriak, halakoak ikusiz gero zer egin eta hasierako habiak nola suntsitu azaltzen da besteak beste.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!