Liztor beltzaren kanpaina edota Araozko auzo errepideko bihurgune bateko ikusmena hobetzeko eskaera, aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
49 gaiko lan zerrenda osatu da arratsalderako. Asko, urte sasoi honetan ohikoa denez, partikularrek etxean egin nahi dituzten lanetarako baimen eskaerak dira. Udalak ere, hainbat lan egitea aurre ikusten du eta hala, gaurko lan zerrendan, Gaztelekuko eszenatokiko argien ekipamendua aldatzeko proiektuaren gaia jaso da, besteak beste.
Urte sasoiari lotuta dago baita ere liztor beltzaren kanpaina. Liztor beltzen erreginak habi berriak egiten hasi dira eta halakoak, ahalik eta azkarren topatu eta deuseztatzea bereziki garrantzitsua da. Halakorik ikusiz gero, abisua Udaltzaingoan ematea eskatzen da, eurak arduratuko baitira habi berria kendu edo profesional bati deitzeaz. Pasa den ostiralean jada, liztor beltzaren lehen habia kendu zen Errekalde auzoko etxe batetik. Aurtengo kanpainaren inguruko xehetasunak, arratsaldean emango zaizkie Udal Gobernu Taldeko kideei.
Araozko auzo alkateak bideratu duen eskaera ere aztertuko da. GI-3592, Araozko errepideko bihurgune bateko ikusmena hobetzeko eskaera egin du auzo alkateak. Beste hiru auzotatik berriz, Zubillaga, Torreauzo eta Garagaltzatik, jaiak ospatzeko baimena eta materiala ere eskatu zaio Udalari.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!