Lizargarate Eguna abuztuaren 28an ospatuko da aurten

2022/07/14
Card image cap
Egitaraua gertu dago eta bazkari txartelak salgai, Bizipozen

  Lizargarate eguna berriro izango abuztuko hitzorduen artean. Bi urtez bertan behera utzi eta gero, abuztuaren 28an ospatuko da, Lizargarate trikitizale elkarteak eta Lizargarateko elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzarekin. Lagun arteko giroa eta trikitia dira Lizargarateko eguneko osagai nagusiak. Jaia goizean goiz hasiko da eta ez da trikiti doinurik faltako Lizargarate inguruan. 11:00tan hamaiketakoa eskainiko da eta eguerdirako herri kirol erakustaldia antolatu da. Bolo txapelketa izango da jarraian eta 14:00tan bazkaria. Bazkal ostea girotuz Laja eta Lutxurdixorekin erromeria izango da eta iluntzean, afari-merienda eta erromeriaren jarraipena.

  Abuztuaren 28rako sei aste eta erdi falta bada ere, atzo arratsaldean jarri ziren salgai bazkari txartelak. Bazkari txartelak diogu baina bazkariaz gain hamaiketakoa eta afari-merienda ere barne sartzen dira. Txartelok Bizipoz kafean eskuratu daitezke 30 eurotan eta abuztuaren 18ra arte egongo dira salgai. Ondorengo egun eta asteetan askok oporrak hartuko dituztenez, antolatzaileek, denboraz hasten dute txartelen salmenta.

  Lizargarate inguruan halako jai egun bat ospatzea aspaldiko tradizioa da. Urteetan galduta egon zen arren, Lizargarate trikitizale elkarteak berreskuratu zuen eta halaxe egiten jarraitzen dute, baita pandemiak eragindako etenaren ondoren ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!