Oñatiko udala

Lizardi bertso sariketaren finalean parte hartuko du Aitor Tatiegik

2022/09/01
Card image cap
Lizardi Sariko bigarren kanporaketako zortzikoa (Arg: Amaia Urbieta Arruti)
Zarauzko Modelo aretoan jokatuko da bihar gauean

  Guztira 16 bertsolarik kantatu dute 46. Lizardi sariketaren bi kanporaketetan, eta seik lortu dute finalerako txartela. Aitor Tatiegi oñatiarrarekin batera, Andoni Rekondo, Aner Peritz, Gorka Pagonabarraga, Oier Etxeberria eta Naia Arrizabalaga arituko dira txapel bila. Finaleko saioa Zarauzko Modelo aretoan jokatuko da bihar, 22:00tan. Sarrerak Zarauzko turismo bulegoan eskuragarri daude eta bihar leihatilan jarriko dira, 3 euroan.

  Finalaren aurretik bi kanporaketa jokatu ziren pasa den astean, abuztuaren 25ean eta 26an, Imanol Urbieta musika eskolan. Lehenengo saiotik Aner Peritz eta Gorka Pagonabarraga sailkatu ziren zuzenean finalerako eta bigarrenetik, Andoni Rekondo eta Oier Etxeberria. Seikotea osatuz, bi saioetako puntuazioak begiratuta, bigarren saioan kantatu zuten Aitor Tatiegi oñatiarrak eta Naia Arrizabalagak eskuratu zituzten finalerako azken bi txartelak.

  Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen sariketa da Zarautzen urtero antolatzen den hau. Aurtengoan, 46.a da eta 25 urte edo gutxiago dituzten bertsolariei zuzenduta dago. Motxian bertso eskolak eta Zarauzko Udalak antolatzen dute eta sariketaren helburuetako bat da bertsolari gazteei plazak eskaintzeko bidea erraztea.

  Aitor Tatiegik Gipuzkoako eskolarteko txapelketa irabazi zuen 2019an eta aurten bertan, apirilean, 50. Osinalde sariko finalean aritu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!