Listu bidezko PCR probak egiten hasi dira San Martin egoitzako langileak

2021/11/19
Card image cap
Covid-aren intzidentzia metatua 150etik gora dagoenerako protokoloan jasota dago aldikako probak egitea

  Txertatuta dauden langileek 15ean behin egingo dute PCR listu proba eta txertatu gabeek astero. San Martin egoitzan 90en bat langile daude, zaintzaile, erizain, sukaldari edota garbitzaileak kontutan hartuta, eta guztiek pasa den astean egin zuten halako lehen proba, Gipuzkoako intzidentzia tasak 150ekoa gainditu zuela eta probarako materiala etxean zutela ikusita. Hemendik aurrera, Foru Aldundiak zehaztutako egutegiaren arabera jarraituko dute, Gipuzkoako intzidentzia metatua jaisten den arte. Une honetan bataz besteko tasa 396 da Gipuzkoan, Oñatikoaren bikoitza.

  Langile bakoitzak bere lagina hartu eta egoitzan entregatu behar izaten du laborategira eramateko. San Martin egoitzako langileen PCR laginak Gasteiza eramango dira, Debagoieneko gainontzekoen antzera.

  Intzidentzia tasa 150era iristen zenerako Covid-ari aurre egiteko prebentzio protokoloa zehaztua zuen Foru Aldundiak uztailean, nahiz eta indarrean orain sartu den. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak astean adierazi duenez, osasun neurriak zorrozten jarraitzen dute, prebentziotik hasita; esperientziak erakutsi baitu birusa egoitzetan sartzeko arriskua handitu egiten dela, eremu irekiak direlako eta komunitatearekin konektatuta daudelako.

  Covid-19a zaindu eta kontrolatzeko protokoloaren azken eguneratze honek egoitzetako langileei zuzenean eragiten die baina ez egoiliarrei edo familiei. Bisitak hartzen eta egoitzatik irteten jarraitu ahal izango dute, orain arte bezala.

  Aldundiak urrian bildutako datuen arabera, egoitzetako erabiltzaileen %96k jaso ditu Covid-19aren aurkako txertoaren hiru dosiak, eta langileen %91k ere txertoa jaso du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!