Liburuaren Astea antolatu du Udal Liburutegiak apirilaren 23aren inguruan

2015/04/15
Card image cap
Tertulixan saio irekia, haurrei zuzendutako ipuin kontaketa musikatua eta “kata literarioa” antolatu dira, besteak beste

  Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna dela gogoan hartuta antolatu da Liburuaren Astea.

  Ekitaldiak hilaren 21 hasiko dira Unai Iturriagarekin egingo den Tertulixan saio irekiaz. Idazle durangarrarekin Haur besoetakoa eta Udaberririk ankerrena komikiak izango dira hizpide. Euskaraz nahiz gaztelerazko irakurketa talde ezberdinekin egiten diren hileroko “Tertulixan” saioak arratsaldeko 18.30tan hasten badira ere, Unai Iturriagaren partaidetzaz egingo dena, 19.00tan hasiko da.

  Apirilaren 22an berriz, ekintza bikoitza izango da. 5-10 urte bitarteko haurrei zuzenduta Badut taldeak dinamizatuko duen ipuin saio musikatua egingo da 18.00tatik aurrera. Halakoetan egin ohi denez, gonbidapen txartelak prestatu dira eta eskuragarri daude haur liburutegian. Publiko helduari zuzenduta bestalde, Lurrinak & liburuak kata literario saioa egingo da 19.00tan hasita.

  Eta Liburuaren Astea osatuz, hilaren 28an, gaztelerazko Tertulixan saioa egingo da.

  Udal Liburutegian ohikoa dira Liburuaren Egunaren inguruko ospakizunak. Urtero, formatu ezberdineko ekintzak antolatzen dira beti ere, literatura eta irakurzaletasuna sustatuz.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!