LGTBI pertsonen eskubideekin duen konpromisoa berretsiz adierazpen instituzionala egin du Udalak
Alkateak irakurri zuen adierazpen instituzionalaren hasieran LGTBI pertsonen borrokari erreferentzia egiten zaio, Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiari aurre egiteko erreboltak izan zirenetik 52 urte joan direla gogoratuz. Euskal Herrian ere izan zuen islarik borroka horrek, eta 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek, Errenterian, Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuela aipatu zen. Ekainaren 28ko hartan hasi ziren Euskal Herriko kaleetan ere sexualitate eta generoa modu askean bizitzeko aldarrikapenak egiten.
Oñatiko udalak, aldarrikapen horiek babestuz eta bere eginez, 8 puntuko konpromiso zerrenda onartu zuen osteguneko Osoko Bilkuran:
- Giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere. Egin diren aurrerapausoak aitortzeaz gain, berresten dugu egun oraindik dauden barrerak gainditzeko dure erabakia.
- LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa egitea, eta honi erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz.
- LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.
- LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea.
- Jazarpen eta eraso LGTBIfobikoei erantzuteko eta arreta emateko protokoloak bultzatzea hainbat eramutan: Hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa.
- Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten lankidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.
- Oñatiko Berdintasunerako II. Planean aurreikusten den bezala, ikuspegi feminista duten prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte –eta hezkuntza-esparrurako.
- Edozein motatako erasoa gaitzesten dugu gure udalerrietan; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBI pertsonekiko gutxiespena.
Baina adierazpenetik haratago, Oñatiko udalak LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromisoa berretsi zuen eta hori egunero babestu eta indarrean jartzen diren politika zehatzetan islatu behar dela azaldu zuen, udalaren giza baliabideak, teknikoak eta ekonomikoak jarriz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!