Lekua dago Afagi elkarteak Arrasaten ematen duen estimulazio kognitiboa tailerrean

2022/02/15
Card image cap
(Arg: Afagi)
Astean bitan, ordu eta erdiko saioak egiten dira alzheimerra duten debagoiendarrei zuzenduta

  Galera kognitibo arina duten alzheimer gaixoei, edo beste dementziaren bat izanik hasierako fasean dauden gaixoei, zuzendutako tailerra da AFAGI elkarteak Arrasaten martxan duena. Helburua, pertsonen funtzio kognitiboak estimulatzea da, gaixotasunak eragindako galera moteldu edo atzeratu eta pertsonaren autonomia luzatzeko. Horretarako, arreta, oroimena, lengoaia eta beste gaitasun batzuk lantzen dira. Tailerra urrian hasi zen baina plazen erdiak bakarrik beteta. Lekua badagoela iragarriz deialdi berria zabaltzea erabaki du AFAGI elkarteak, libre dauden bost plazak betetzen dituzten lagunak edonoiz hasi daitezkeela azpimarratuta. Oraingo tailerra uztaila erdialdera arte luzatuko da eta partaideei hurrengoan jarraitzeko aukera eskainiko zaie, beti ere, onuragarria dutela baloratzen bada. Izan ere, parte hartzen duten pertsonei hasi aurreko eta ondorengo balorazioa egiten baitzaie.

  AFAGIko teknikoak interesa duten pertsona eta familiekin elkartzen dira, informazioa elkartrukatu eta kasu bakoitza aztertzeko. Tailerrean parte hartzeko hainbat baldintza bete behar baitira. Informazio gehiagorako, edo hitzordua eskatzeko, elkarteko telefono zenbakira deitu daiteke: 943 297 118.

  AFAGI elkarteak Arrasaten, Abaroa jubilatu etxean du arreta psikosoziala eskaintzeko lokala eta tailer-gela. Bertatik ematen zaio zerbitzua Debagoiena osoari eta aipatu psikoestimulazio tailerra ere bailarako gaixo eta familiei zuzenduta dago. Arrasateko tailerra astelehen eta asteazkenetan ematen da, 11:00tatik 12:30tara. Tailerrak hamar hilabeteko iraupena du, urritik uztailera arte, eta plazak dauden bitartean, partaide berriak onartzen dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!