LEINNeko ikasleek "La Caixa" Gizarte Ekintzaren laguntza izango dute enpresak sortzeko
Hitzarmenaren arabera, “La Caixa” Gizarte Ekintzak 40.800 euro bideratuko ditu unibertsitateko eta unibertsitatetik igarotako ikasleei laneratzen laguntzeko. Zehazki, ekintzailetza-proiektu bakoitzeko, 1.200 € emango ditu. Diru laguntza hauek, ikasturte honetan bertan banatzen hasiko dira. Hitzarmenaren helburua ikasleen ekintzailetza sustatu eta haien enpresa-ekimenak sortzen laguntzea da.
“La Caixa” Gizarte Ekintzako eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek batzorde bat osatuko dute, hitzarmenaren jarraipena egin eta ekimen zehatzak gauzatzeko. Batzorde horrek proiektuen garapena zaindu eta horiek ezartzean sor litezkeen premiei erantzungo die. Horrez gain, helburuen ebaluazioa eta proiektu eta emaitzen kontrola eta jarraipena ere egingo dituzte.
Hitzarmena sinatu zuen Juan Pedro Badiola "La Caixa"ko ordezkariak esan zuen, ekimen hau, gazteen langabeziaren kontra borrokatzeko 2014an erabaki zuten estrategiaren baitan kokatzen dela. Zentzu horretan, lurraldeko beste eragile ekonomiko eta unibertsitarioekin ere antzerako hitzarmenak sinatu dituztela azpimarratu zuen. Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak berriz, unibertsitateak duen bokazio soziala eta onura publikoa azpimarratu zituen. Hala, gizartea eraldatzeko eragile aktiboak heztea helburu dutela esan zuen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!