Oñatiko udala

Legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura egingo da gaur

2019/05/02
Card image cap
Elikagaien bankuaren inguruan hitzarmena sinatzea proposatuko da, besteak beste

  179 gai zerrendatu dira gaurko Osoko Bilkurarako. Baina martxoko batzarrean gertatu zen bezala, gai gehienak, 165, aurrez Alkate Dekretuz hartutako erabakien berri emateak izango dira. Lan zerrendan, dena den, bestelako gaiak ere jaso dira eta aipagarria da Elikagaien bankuaren inguruan proposatuko den hitzarmena. Udalak eta ACESMA, Elkarzabal eta CEAR-Euskadi elkarteen arteko hitzarmenean Elikagaien bankuaren kudeaketa nola egingo den zehazten da; erabiltzaileen datuak jaso eta egiaztatzeaz,elikagaiak garraiatzeaz edota banaketaz arduratuko diren elkarteak, euren arteko harremanak eta bakoitzaren ardura eta erantzukizunak zehazten dira, besteak beste. Hitzarmenak jasotzen dituen xehetasunen berri emango da gaurko Osoko Bilkuran eta egoki ikusiz gero, sinatzeko erabakia hartuko da. Hainbat baserri berritzeko lanen gaineko zergan hobaria aplikatzeko eskaerak, udal langile batzuen aintzinatasuna errekonozitzeko eskaerak edota 2020rako Oñatiko jai eguna izendatzea ere proposatuko da, beste gai batzuen artean.

  Gaurkoa 2015-2019 legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura izango da. Udalbatzak beste bilera bat egingo du bere jarduna amaitu baino lehen, baina gaurko batzarraren akta berresteko soilik izango da. Hori dela eta, lan zerrendako azken puntuan alkateak hitza hartuko du udalbatzari egindako lana eskertu eta agur esateko.

  18:30tan hasiko da Osoko Bilkura eta Oñati irratiak zuzenean eskainiko du, ohitura duenez.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!