Laura Mendizabal oñatiarrak Korta saria jasoko du

2019/11/13
Card image cap
Euskal enpresariei aitortza egiten dien saria da eta Mendizabalekin batera, Pedro Luis Uriartek, Javier Roquerok eta Maria Angeles Amenabarrek jasoko dute

  Arabako enpresarien elkarteak proposatuta jasoko du Laura Mendizabalek Korta Saria. Jaiotzez oñatiarra da baina 3 urte zituela Gasteiza joan zen familiarekin eta bertan eman du bere bizitza profesional osoa.

  Iñigo Urkulluk banatuko ditu sariak datorren asteartean, hilaren 19an, Gasteizen, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Joxe Mari Korta sariak 2000. urtean hasi ziren banatzen bizitza profesional luzea eta enpresa hobekuntzaren alde egiten dutenen lana aitortzeko. Aurten lau Korta sari emango dira eta horietako bat Laura Mendizabal oñatiarrak jasoko du.

  Laura Mendizabalek 74 urte ditu egun. Jaio eta hiru urtera Gasteiza joan zen familiarekin eta bertan egin zituen oinarrizko ikasketak. Inglaterran egon zen ingelesa ikasten eta kontabilitate eta administrazioan ere prestatu zen. Hala, hornigai industrialetan eta bizikleten eta ziklomotoreen salmentan ziharduen familia negozioan sartu zen, 23 urte zituela.

  Ezkondu ondoren, erregaien banaketaren sektorean sartu zen, senarraren eskutik. Santa Engracia eta Gamarra erregai hornitegien familia negozioa hedatzeko prozesuari ekin zion bikoteak eta Foronda, Zurbano eta Gorbea hornitegiak ireki zituzten hurrengo urteetan.Garai hartan erregaien banaketa sektorea zaila zen hornigaiak zuen monopolioagatik. Lan kudeaketan independentzia mantentzearren AVIA Esergui izeneko elkartea sortu zuten beste hainbat gasolina saltzaile independenteekin, hornitegi libreei hornikuntza ziurtatzeko helburuz.

  2000. urtean alargundu zen Mendizabal eta familia negozioaren erantzukizun guztia hartu zuen. Egun, Laura Mendizabalek 74 urte ditu eta lanean jarraitzen du bere enpresak kudatzen, alaben laguntzarekin.

  Laura Mendizabalekin batera Pedro Luis Uriarte bilbotarrak, Javier Roquero donostiarrak eta Mª Angeles Amenabar azpeitiarrak jasoko dute 2019ko Korta saria datorren asteartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!