Oñatiko udala

Lau sari lortu ditu Oñatiko Ganbara Abesbatzak Tourseko Nazioarteko Lehiaketan

2017/05/29
Card image cap
Errenazimentu atalean 2.a, ahots mixtotan 3.a eta zuzendari hoberena eta frantses obraren interpretazio hoberenaren sariak eskuratu dituzte

  Pozik egin dute itzulerako bidaia Oñatiko Ganbara Abesbatzako kideek Tourseko Nazioarteko lehiaketatik, lau sari eskuratuta bueltatu baitira. Ostiralean jokatu zen ahots mixtoen atalean hirugarren saria lortu zuten eta larunbatean izan zen Errenazimendu garaiko lehiaketan berriz, bigarrena. Bi atal horietan lehenengo saria hutsik utzi zituen epai mahaiak. Aitor Biainek gainera zuzendari hoberenaren saria eskuratu zuen eta frantses sortzaileen obren interpretazioan ere, saria lortu zuten oñatiarrek. Hori gutxi ez eta atzo jokatu zen Grand Prix sariketara ere sailkatu ziren beste hiru abesbatzekin batera. Atal honetan sari bakarra ematen da eta hori ahots mixtotan oñatiarren aurretik geratu ziren italiarrek lortu zuten.

  Asteburu intentsoa oso izan dute Oñatiko Ganbara Abesbatzakoek Toursen, nazioarteko lehiaketak biltzen zituen sariketa guztietan parte hartu baitute ostiral, larunbat eta igandean. Baina egindako lanak fruitua eman du eta Frantziatik 4 sarirekin itzuli dira.

  Frantzia, Italia, AEB, Filipinak eta Ukraniako lehiakideen maila altua azpimarratu dute Oñatiko abeslariek eta nekatuta dauden arren, oso pozik itzuli direla esan digute, izan ere, sari banaketa ekitaldia amaitu eta berehala ekin behar izan zioten itzulerako bidaiari. Oñatira 4:30tan iritsi dira nonbait, eta lo gutxi eginda lanera joan dira taldeko kide gehienak; nekatuta baina oso pozik, esan bezala.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!